| |
XVIII. mendearen erdialdera Berastegiko herriak etxe berri bat eraikitzea erabaki zuen, erdia harategi edo tabla eta hiltegi bezala erabiltzeko, eta beste erdia maisu etxea eta umeen eskola bezala.îEdificar casa nueva para el maestro de escuela y venta de carne como en tabla pública dividida para ambos finesî.
Berastegiko udal-artxiboan eraikuntza berri hori altxatzerakoan egin ziren gastuen datuak azaltzen dira, 1739tik 1744ra bitartean .
Hara hemen batzuk:
- Martin de Esoinek... hiru egun pasatzeagatik egur sail bat botatzen, harri-lan eta zurgin-lanaren memorialak, arantzel edo zergalegea prestatzen eta lekua seinalatzen.
- 1.500 R. ordaindu zitzaizkion Ignacio de Urdapilletari harrilanetan maisu edo ìmaestro canteroî bezala.
- Arretxe-txikiko Martin de Garciarenari, Uliko parajean haraitzak mozteagatik etxe berria eraikitzeko.
- Santiago de Zumizari, etxe berriko zerralana eta aldamioak idi parearekin karreto lana egiteagatik.
- Juan Angel eta Fcº. de Goycoecheak, hau arotzmaisua, herriko biztanleak, kobratzen dute solairuko tabla zerratzeagaitik.
- Juan de Esoinek, arotz bezala, sei eguneko soldata kobratzen du zurlanak egiteagatik .
- Martin de Zavala, arotz ofiziala, materialak ebakitzeagatik.
- Miguel de Lasquibar errekatik behar den ondarra garraiatzeagatik, etxe berriko harrilanetarako.
- Miguel de Elizaldek harrilantzaile bezala kobratzen du.
- Juan Martinez de Garciarena Elaundekoari; etxeko solairuaren tablazona egiteko materialaren karretoa ordaintzen dio herriak.
- Miguel de Arrue harribanetzaileak egun bat kobratzen du etxe berriko atea antolatzeagatik.
- Ignacio Urdapilletak harrilanetako ìmaestro executorî bezala kobratzen du.
- Domingo de Arbidek, etxe berrirako harriak ateratzerakoan Arrateko errota ondoko gaztinerian egin zaizkion kalteak kobratzen ditu. Datu honen arabera harrobia non zegoen argitzen du.
- Miguel eta Martin de Zumeta, aita semeak, 50 kintal kare bizi ekartzeagatik.
- Miguel Ignacio de Olaecheak 20 kintal kare eta Manuela de Ustuak, alarguna, 29 kintal kare (Berastegin kintala 75 kilo dira).
- Etxe berriko solairua josteko 250 iltze Plazaolako burdinolan eginak herriak ordaintzen ditu.
- Bide ondoan dauden bi leihotako erreja handiak ìdos rejados grandes de fierroî Salvador de Obineta errementeroari eginarazi eta ordaindu zizkion herriak.
- Juan Bautista Zumeta hargin maisuak 32 karga igeltso erabiltzeagatik kobratzen du.
- Pedro de Aguirre ìmaestro texeroî teila eta arrilluen balorearengatik kobratzen du.
- Francisco de Berastegui etxe berriko teila antolatzeagatik.
Esan, garai hartan arrilluak eta teilak erretzeko, herriak labe bat zeukala Aintzergako Telleri deitzen zaion parajean, juxtu gaur Zeferino zenaren belazea dagoen horretan.
ìJoaquin de Zuloaga peon...en hazer taviquesî.
1743. urtean beste datu honek honela dio: îHacer dos lares y dos barras de fierro que llaman suburniaî. (lar = lurreko sua; suburnia = burruntzi ).
1744 urtean umeentzako gela prestatzen da maisuarentzako egindako etxe berrian. 1836 urteko etxe zerrendan eskola bezala agertzen da, beraz esan liteke herriko eskola bertan zegoela.
Garai hartan herriko eskolako maisu Tomas de Balcarlos agertzen da.
Oraingoz ez dakit herriak partikularrari noiz saltzen dion maisu eskolako zatia, aurkitu dudan datu bakarra honako hau da: Juan Miguel Gaztañondo Salvarredik (Juan Miguel txikik) 1894-IV-7an harategi ondoko etxe zatia, eskola zena, erosi ziela D. Tomas Landabururen ondorengoei. Gero, 1930 inguruan Gaztañondok, ìindianoakî, maisu etxea zena, herriari doan eman zion.
Gaur egun, harategia zen zatian zaharren txokoa dago Gaztañondo izenarekin. Maisu-etxea eta eskola zen zatian berriz, ìeguneko zentruaî prestatzen ari da herria.
Lur emate zibila
Etxe honetako biztanle batekin gertatutako bitxikeria bat kontatuko dizuet orain: 1883ko maiatzaren 17an maisu-etxean bizi zen Jose Antonio Gurrutxaga jauna elizako sakramentuak hartu gabe hil zen eta, hartzeko gogorik ere ez omen zuen agertu.
Azken igurtzia hartzea ukatu zuelako, elizak ez zion barkatu, eta elizako tribunal baten sententziaren ondorioz, kanposantuko lurretan hilotza lurperatzea ukatu zitzaion, beraz kanposantuko zati zibilean lurperatutako bakarra zen herrian.
Herriko zenbait zaharrek kontatu izan dutenez, Jose Antoniok herriko apaiza bere andrearekin ìjolaseanî harrapatu zuen, hori dela eta, bere denborako fede guztiak joan zitzaizkion nonbait gizonari eta delako apaiz hori azken igurtzia ematera etorri zitzaionean, ìmàrchate bandidoî esan omen zion eta elizakoak hartu gabe gelditu zen.
Jose Antonio hil zenean, bere hilkutxa gauez hilerrira eraman omen zuten, herriko zenbait bihoztunei eskerrak, bizkarrean hartuta, kandelen argia lagun zutela.
Halako gauzek zer pentsa ematen dute. |