Aldin Kultur Elkartea
Aldin Elkartea Harremanak Agenda Argazkiak Loturak Aidanen
2005
2004
| Berastegi, 2006ko udaberria | Albisteak Salontzoak Kultur Astea 2005
Aidanen: 2005
 
Zer berri da Beastin? Kirol albisteak Haurren txokoa Izenak, lekuak
Berastegiarrak munduan Historia Goian beude Ikusi eta ikasi
  Izenak, lekuak
Berrien aurkibidera itzuli
 

Kondaira zaharrak: Erne ibili badaezpada ere!

 

Euskal kulturan badugu hainbat pertsonaia harrigarri eta beldurgarri, hor daude jentilak, lamiak, basajaun, sorgiñak, e.a.

Herri gehienetan, izaki horiek protagonista direla hainbat gertaera misteriotsu gertatu izan da eta Berastegi ere ez da salbuespena. Barandiaranen ģEl mundo en la mente popular vascaī liburutik hartu ditugu ondorengoak. Zuek ikusiko duzue sinetsi edo ez, baina badaezpada erne ibili!

  • Etsoinberri baserrian bazuten egunero larrera botatzen zuten behor bat eta iluntzero etxeko neskamea eta morroia behorraren bila joaten ziren. Behorra aurrena harrapatzen zuena, honen gainean etortzen zen etxera.

    Hala, behin atera ziren eta neskameak lehendabizi ikusi zuen behorra. ģHara gure behor beltxaī esan eta korrika joan eta bere bizkar gainean jarri zen. Behorra zebilen inguruan badago leizezulo bat, Obantzungo leizea. Neska behorraren gainean jarri zenean, hau leize aldera abiatu zen eta gero leizezuloan barrena sartu. Morroia aldi batean leizera begira egon zen, noiz aterako neska. Baina han ez zen inongo arrastorik eta etxe aldera abiatu zen. ģZe behor ote zen hori? Galdetu zion bere buruari eta hara non ikusten duen etxeko behorra beheragoko zuloan.
    Handik denbora dezentera, morroia lixu jotzera Itturraingo iturrira joan zen eta han neskamearen belarritakoak eta eraztuna aurkitu zituen.

  • Behin Berastegiko neska gazte batek apaizari aitortu zion, herriko familia bati izugarrizko gorrotoa ziola eta horregatik familia horretako sei haur hil zituela. Zazpigarren haurra bidean zetorrela eta harekin ere gauza bera egingo zuela esan zion. Apaizak haurrak nola hiltzen zituen galdetu zionean, neskak, sorgiña zela erantzun zion, euli bihurtzen zela eta atearen sarrailatik sartzen zela haur jaioberria zegoen logelan. Ondoren jaioberriaren ahoan sartu eta ito egiten zuela.

    Apaiza, zorigaiztoko familia hari lagundu nahian, etxe hartara joan eta sorgiñaren zain jarri zen. Denbora gutxira arrail zulotik euli bat sartzen ikusi zuen, estola bota eta bertan bilduta kutxa baten barruan sartu zuen eulia. Handik egun batzuetara, neskatxa bat agertu zen kutxa barruan hilda: sorgiña zen.

  • Gauez elizari hiru buelta ematen badizkiozu, sorgiñ bihurtuko zara. Jauliko emakume batek hori gezurra zela esaten omen zuen eta gau batean elizari hiru buelta eman zizkion. Sorgiñ bihurtu zen.
  • Akerkoi izeneko mendian zulo bat badago. Han jentilak bizi ziren. Herriko jendeak beldur handia zieten jentil haiei.
    Elaunde baserrian, Kattalin izeneko neskatxa bat ilargitan aritzen zen ardatzen.

    Gau batean leiho ondoan ari zela, jentilak etorri eta honela esan zioten: īGaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat, Kattalin guretzatī.

    Handik aurrera ez zen Kattalinen aztarnarik izan.

  • Berastegin batzuek sinesten zuten, norbait hiltzen zenean, bere arima zeru bidean ondo ibiliko bazen, argia behar zuela.

    Horretarako, baten bat hiltzen zenean, familia behartsuenetakoa bazen ere, argi asko pizten zitzaizkion elizan, hartarako familia bakoitzari tokatzen zitzaion lekuan. Toki horrek sepultura izena zuen.

    Gerora askok ez zuten gauza horietan sinesten eta argia Jaungoikoari bakarrik eskaintzen zioten.
    Halako batean elizako erretoreak agindu zuen bi edo hiru argi bakarrik pizteko, bestela elizako paretak kearekin zikindu egiten zirela eta. Baina zenbaitek ez zuen ondo hartu erretorearen agindua, eta lauzpabost aldiz errepikatu behar izan zuen elizako pulpitutik.

    Emakumeak izan ziren haserretutakoak, beren hildakoen arimak argirik gabe utzi behar zituztelako.
    Haserre zegoen emakume haietako bati galdetu zioten ea benetan sinesten zuen hildako batek zerura joateko argia behar zuela. Honela erantzun zuen emakumeak:

    Bai, behar ez balu ez genioke jarriko. Begira, nik dakidana da, oraindik denbora asko ez dela, meategi zulo batean (Bizkaian uste dut) lurrak meatzari mordoska bat azpian harrapatu zituela. Meatzari haietako baten amak egunero pizten zuen argia elizan, egun bakar batean utzi omen zuen argia piztu gabe.

    Egun batzuk pasata, meatzari hura bizirik atera omen zuten lurpetik eta hala esan omen zuen, egun batean bakarrik jana, edana eta argi gabe egon zela.

    Kontuak aterata, egun hura bere amak argirik piztu ez ziona omen zen.

  • San Lorentzo ermitak ere badu bere istoriotxoa. Larre mendi puntan zergatik eraiki zuten jakin nahi baduzu, iazko aldizkarian agertzen da. Ea aurkitzen duzun!
Berrien aurkibidera itzuli