Aldin Kultur Elkartea
Aldin Elkartea Harremanak Agenda Argazkiak Loturak Aidanen
2005
2004
| Berastegi, 2006ko udaberria | Albisteak Salontzoak Kultur Astea 2005
Aidanen: 2005
 
Zer berri da Beastin? Kirol albisteak Haurren txokoa Izenak, lekuak
Berastegiarrak munduan Historia Goian beude Ikusi eta ikasi
  Berastegiarrak munduan
Albisteen aurkibidera itzuli
 

Mikel Labaien, Oñetaberritik Londonera

Probetxuzko gizon bat bihurtzeko asmotan, amaren mimoak eta amonaren hamaiketakoak atzean utzi eta Londres bisitatzen izan naiz azken hilabete hauetan.

Gure amak esango lukeen bezela, ez al zeon hoi baño urrutiagoko lekuik ikastea juteko? Itxura denez, ez. Beharrezko papeleo, buelta, bilera, firma eta permiso guztiak (amarena ezik) jaso ondoren, larunbat batez Londresen lur hartu nuen.

Helburua? Karrera bukaerako proiektua egitea. “Wide Bandwidth Audio Coding” proiektuaren izenburupean, audioa konprimitu eta kodifikatzeko dauden arazoak ikertzen aritu naiz bost hilabetez.

Aurreneko egunak, “¿A dónde vas?”, “¡Manzanas traigo!”. Hitz gutxirekin eta gure artean ondo ulertzeko, etzeon inglesei ulertuko zien aman semeik. Buruarekin baiezkoa esan eta aurrera. Pixkana-pixkana ulertzen hasi nintzaien, batzuei beste batzuei baino gehiago eta azkarrago. Hori bai! Komeni ziren gauzak, festa baterako gonbiteak adibidez, arazorik gabe eta errepikatzen lanik eduki gabe ulertzen ziren.

Beraiek neri ulertzearenak denbora gehiago eman zidan. Haiei ulertuko zien amaren semerik ez bazen, nei entendittuko zian santuik etzan zerun! Ez dakizue zenbat gauz esan daitezkeen hitzik esan gabe eta eskuekin mila keinu eginez. Mimika, lenguaje universal.

Azkar ohartu nintzen, ordea, ez nintzela ingelesarekin atze-aurrek zituen bakarra. Ingalaterrak gizarte kulturanitza du, beraz, ez zen harritzekoa unibertsitateko ikasle gehienak atzerritarrak izatea edo beren familien kulturak jarraitzea. Egun batean ingeleseko klase batean vietnamitar, txinatar edo iraniar baten lagun egin zintezkeen eta beste batean kanadiar, brasildar edo indiar batekin. Inor ez zen kanpoko sentitzen eta horrek lasaitasunez beraien ingurura ohitzen uzten zuen, nahiz eta klase berean hamar ingeles dialekto ezberdin konbinatu; musulmanena (zuzenegia gauz onerako!), italiarrena (jazteko eta orrazteko forma, molto bello, baina… ingelesez gue modun gutxi!), afrikarrena (beltza xamarra, baño bastante ona), hegoamerikarrena (lasaiegia eta motelegia aukeran!) eta txinatarrena (oso zuzena, baina pronuntziazioa… inoLek eLaz uleLtu ezingo lukena!).

Lagunak, hangoak eta hemengoak

Hala ere, etxetik urrun izanik, errezagoa zen gure ingurukoengana hurbiltzea. Galiziatik hasi eta kanaiar irletaraino lagunez ondo hornitu naiz. Valladolidtarrak, madrildarrak, kataluniarrak, kantabriarrak, naparrak, valentziarrak, andaluziarrak, asturiarrak… bla, bla, bla, etxe bakoitzeko obenak juntau giñen! Pulpo a la gallega, arroz a la valenciana, butifarra, fabada asturiana, cocido madrileño, papas arrugadas, gazpacho… txuleta ear batekin, eundoko potajea. Bistakoa den bezela lanetik aparte, festa eta umore ona ere ez ziren falta izan eta horrek lagun bikainak egiteko aukera paregabea luzatu zidan.

Erasmus Bekaren laguntza izan arren, lanean ere aritu naiz, batik bat ingelesa hobetzeko asmoz. Platerak garbitzetik, kamarero lanak eginez, sukaldarien pintxe izatera ere iritsi nintzen. Nondik sortuko lana, han ginen gure abentura eta desbenturekin. Honez gero denek pentsatu dezuen bezala, batek baino gehiagok jan behar izan zituen eskatu etzituen platerak, haik intxaurrek eskatu ta nik gazta atea!. Egia esanda lanean egindako hanka sartzeetatik ikasi nuen gehien ingelesez. Coca-cola bat eskatu eta garagardo bat atera nion horri edo egun batez nere akatsen erruz hamburgesa bat eskatu eta saltxitxa batzuekin konformatu behar izan zuen beste hari zor dizkiot ingelesarekin egin ditudan aurrerapenak.

Hanburgesak, garagardoa eta patata tortila

Bitartean, proiektuan laguntzen zidan superbisorearekin gauzak ez zihoazen hain gaizki. Pixkana-pixkana, baina ordurako ulertzen hasiak ginen. Egia esan, gizon horrek zerun be lekue ondo irabazie dauke bai!, monumentu bat ere egingo nion nerekin izan zuen pazientzia guztiarengatik. Nere bizilagunek bezala, baina hauena astero eginiko patata tortilak ondo baino hobeto eskertuta uzten zuen.

Beraiek ere neregandik zerbait ikasteko aukera aprobetxatu dute. Iritsi nintzenean guregandik zekizkiten jakintzak zabaldu nizkien eta orain badakite olé olé, flamenco, tortilla de patatas ta paellatik aparte, gurean hamaiketakoa ta siesta ere oso bertakoak ditugula. Jakina den bezela, bazkalostean lo egitearen ideia interesgarria iruditu zitzaien, eoziñek altxatze zittun siestatik!.

Etxea urruti sentitu ote dudan galdetzen didatenean, (etxekoen baimenez) horretarako bost hilabete motz antzera geratzen direlakoarekin erantzun izan dut beti. Ondo ibili izan naizenaren seinale agian. Hala ere, etxekoen mimoak eta ama eta amonaren platerak behin baino gehiagotan izan ditut gogoan, batik bat bigarrena, etxeko jana!.
Erasmus programapean eginiko egonaldia oso interesgarria izan da. Hau irakurtzen ari zareten unibertsitateko ikasle guztiei gomendatzen dizuet, munduan Berastegi ez diren leku polit eta xelebre ugari baitaude bisitatzeko, beti ere geurea denari edertasunik kendu gabe.

Itzulera ez zen xamurra izan, batik bat bertan eginiko lagun asko eta asko berriz ere ikusiko ez dituzunaren pentsamenduak itotzen zaituelako. Baina egitekoak bukatu eta karrera amaierako proiektuaren aurkezpenaren ondoren, urte hauetan guztietan hainbeste lagundu didaten nere guraso eta arrebari Ingeniero titulua eskaini ahal izan diet.