Aldin Kultur Elkartea
Aldin Elkartea Harremanak Agenda Argazkiak Loturak Aidanen
2005
2004
| Berastegi, 2006ko udaberria | Albisteak Salontzoak Kultur Astea 2005
Aidanen: 2005
 
Zer berri da Beastin? Kirol albisteak Haurren txokoa Izenak, lekuak
Berastegiarrak munduan Historia Goian beude Ikusi eta ikasi
  Izenak, lekuak
Berrien aurkibidera itzuli
 

Berastegi-Leitzaran txangoa

 

Berastegitik Leitzaranera doan bide bat berreskuratu eta garbiketa lanak egin ondoren, txango baten proposamena egingo dizuegu zuek ere paraje eder hau ezagutu dezazuen.

Aldin Kultur eta Kirol Elkarteak aurrera eramandako ekimena izan da. Leitzaranekin lotzen gaituen bide hau azken hamarkada honetan itxuraldatzen joan da, bai naturaren eraginagatik, baita gizakiaren utzikeriagatik ere.
Bidea berreskuratzeko lanak 2005eko maiatzean burutu ziren, Aldin Elkartearen eskutik eta Urepele Biltokiaren laguntzarekin, egoera kaskarrean aurkitzen ziren bi kilometro garbitu ditugu, hasi Sagarminagatik eta Mustar Zaharreraino.
Ez pentsa bidezidor arrunt bat denik, gure arbasoek maiz erabilitakoa baita. Artzaiek, abereak eta artaldeak Lorditzeko larreetara eramateko erabiltzen zuten eta burdinoletako langileek berriz, meategi edo Plazaolako trenbideetako beharrak egitera joateko.

Txangoa
Berastegiko mendizaletasun eta usadioari jarraituz, bide honetatik txango bat egingo dugu:
Ibilbidea herriko plazatik hasiko dugu, Leitzaldera doan errepiderantz joko dugu eta berehala lehenengo bidegurutzean ezkerrantz hartuta, Oñeta Berri, Etxe Txiki,... baserrien ondotik Ur Handiko iturrira ailegatuko gara. Hemen bertan bi aukera daude Gorosmendiko lepora iristeko, bata iturriaren ezkerretara jota eta bestea eskubitara jota.

Ezkerreko bidea hartuz gero, Buztiñeneko borda topatuko dugu, bere ondoan pagadi zoragarri bat dago. Pixka bat gorago joanda beste borda bat dago eta goraxeago pago eta hariztiz inguratutako tarte bat ikusiko dugu. Tartetxo hau pasatakoan berehala ailegatuko gara Gorosmendira.

Eskubiko bidea hartuz gero, Osiñeta baserriaren ezkerrera abiatu eta gorantz jarraituko dugu Don Martiñeneko bordara ailegatu arte. Handik, autobia azpitik doan pasabidea pasako dugu eta aldapatxo bat igo ondoren, ezkerrerantz jarraituta Gorosmendira iritsiko gara.

Behin Gorosmendira iritsi eta naturaz gozatu ondoren, eskubirantz abiatuko gara, Goldizgain aldera, Gorosmendi ezkerretara utzita. Ttarraka-ttarraka Osiñetako bordara iritsiko gara eta han beherantz joko dugu Sagarminara ailegatu arte. Hemen ikusiko ditugu garai batean gure arbasoek txondarrak egiten zituzten tokiak eta herriko pagadirik handiena ere bertan dago. Hau dena ikusi eta gozatu ondoren, erreka zuloa pasako dugu eta eskubirantz bidezidor bat hartuko dugu. Hemendik Erreka Beltza delakora ailegatuko gara. Erreka garbi eta polit hau Ipuliño magalean jaiotzen da. Bertan gera gaitezke ura edaten eta bere edertasuna miresten. Ura edandakoan, bidean aurrera egingo dugu eta bat-batean Txuitsingo harkaitzekin egingo dugu topo. Harkaitz hauetatik bostehun bat metrora ezkerretara hartu behar dugu bidea, Egileor paraje aldera. Parajetxo hau zeharkatu ondoren, Mustar Zaharrera iritsiko gara.

Hemen, arnasa berreskuratu eta natura berdeaz eta zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu. Naturaz gozatzen dugun bitartean, ondoan dagoen begi bakarreko zubia pasa eta Mustar baserriko horma ikus dezakegu, zaharra benetan. Honekin batera, burdinolaren aztarnak ere ikusiko ditugu, ikusgarriak.
Ikusmiran egon ondoren, Plazaolako bidea hartu eta gorantz tren tuneletatik barrena jarraituz, Leitzaran ibaiaren ondotik Bixkotxeko meategietara ailegatuko gara. Hortik bidea ezkerretara utzita, gerra aurretik alemaniarrek eraikitako meategien aztarnak, mina-zuloak, labe erraldoiak,... ikus ditzakegu.

Lehen utzi dugun bidera itzulita, Plazaolako baserri ondotik pasako gara eta Leitzaran erreka gurutzatuko dugu zubi baten gainetik. Hemendik zuzen jotzen badugu, Aintzergako bailarara iritsiko gara eta han Erregeneko borda topatuko dugu. Hor ondoan eskubitara hartuko dugu eta belardi batzuen ondotik, San Sebastian ermitara ailegatuko gara. Bertatik Berastegi herria osotasun osoz ikusi ahal izango dugu.
Ibilbidearekin bukatzeko, San Sebastian ermita eskubitara utzi eta maldan behera jarraituko dugu herrira iritsi arte.

Berrien aurkibidera itzuli