|
|||||||||||||
|
| Aidanen: 2005 | ||||||||||||||||||||
|
||||||||||||||||||||
| Izenak, lekuak | ||||||||||||||||||||
|
||||||||||||||||||||
| On Vicente Larrañeta | ||||||||||||||||||||
Argazki zahar eta polit honen atzean gure herritar askorentzat gogoangarri den historia bat gordetzen da. Etxoin Berri baserriko Bizente Saizarrek eta Simona Azpirozek eman digute argazkiaren historiaren nondik norakoen berri eta guk gustu handiz entzun diegu. Entzuteaz gain, ordea, entzundakoa idatziz jaso eta herritar guztiei ezagutaraztea pentsatu dugu. Argazkiaren erdian ageri den gizona da bilera handi honetako protagonista: Bizente Larrañeta jauna, Berastegin urte askoan lanean aritutako albaitari tolosarra. Gerra denboran bere burua nazionalisten alderdi politikoko kide bezala agertu zuen, eta hargatik, karlistek, lanik gabe uzteaz gain, bere jaioterritik kanporatu zuten. Kontuak hala, Berastegiko herritarrek udaletxean bilera egitea erabaki zuten lanik gabe geratutako albaitari honen auzia eztabaidatzeko. Herritarrek Bizente Larrañeta albaitaria Berastegira ekartzeko nahia agertu zuten. Larrañeta jaunak, garai hartan, urteko zortzi mila pezetako diru-saria eskatu zien herritarrei, bere lanaren eta zerbitzuen trukean. Berastegiko baserritarrak denen artean dirutza hori ordaintzeko prest azaldu ziren, eta hala, Larrañeta albaitariari lana ematea erabaki zuten. Bizentek eta Simonak diotenez, 1940-41 urte inguruan etorri zen Larrañeta jauna Berastegira, albaitari lanetara. Normalean Kakonen hartzen zuen ostatu, baina bere emazte eta hiru seme-alabekin etortzen zenean, Txoko Maiten egoten omen zen bere familiarekin. Berastegin ez ezik, Eldun, Elduaienen, Berrobin, Gaztelun eta Orexan ere lan egitera ailegatu omen zen gizona. Bizentek kontatu digunaren arabera, oso pertsona umila eta langilea omen zen, Berastegiko eta inguruko baserrietan makina bat lan egindakoa eta hamaika laguntza emandakoa. Ez omen zuen diru askorik izaten, eta hargatik, bizikletan edo oinez ibiltzen omen zen baserriz baserri. Hogei urteren buruan, Bizente eta Simonaren ustetan, 1960-61. urte inguruetan izango omen zen erretiroa hartzeko asmoa adierazi zuenekoa. Hori zela eta, hainbeste urtetan herriko baserritarren mesedetan lan egin zuen albaitariari omenaldia egitea erabaki zuten Berastegiko herritarrek. Ordukoxea da, hain zuzen, argazki hau ere. Nola izaten diren kontuak! Argazkiaren historia kontatzeaz gain, argazkian ageri diren lagun guztien izen-abizenak ematen ahalegindu gara, nola ez, Etxoin Berriko Bizente Saizarren eta Simona Azpirozen laguntzaz. Asko dira, oraindik ere, omenaldi haren oroimena gordetzen duten herritarrak eta, haietxei eskaini nahi diegu artikulu hau. |
||||||||||||||||||||
![]() ![]() |
||||||||||||||||||||
Eserita daudenak: Zutik daudenak, bigarren ilaran: Zutik hirugarren ilaran:
|
||||||||||||||||||||
|