Aldin Kultur Elkartea
Aldin Elkartea Harremanak Agenda Argazkiak Loturak Aidanen
2005
2004
| Berastegi, 2006ko udaberria | Albisteak Salontzoak Kultur Astea 2005
Aidanen: 2005
 
Zer berri da Beastin? Kirol albisteak Haurren txokoa Izenak, lekuak
Berastegiarrak munduan Historia Goian beude Ikusi eta ikasi
  Berastegiarrak munduan
Albisteen aurkibidera itzuli
 

Miren Saizar Plymouthen ikasle

2003 urtean ekin nion ìAdministrazio eta Finantzakî ikasteari eta aurkezpen egunean izan nuen praktikak atzerrian egiteko aukeraren berri.

Hain zuzen ere, ìLeonardo Da Vinciî deituriko bekak banatzen ditu Europar Batasunak eta nire eskolak 14 lortu zituenez, pentsatu nuen ìzergatik ez?î. Atzerrian denboraldi luzea igaro duen jendea ezagutzen dut eta eurentzat esperientzia gogoangarria izan zenez, niretzat gutxiago izango ez zen esperantzan abiatu nintzen 2005eko martxoaren 19an Berastegitik Ingalaterrako Plymouth hirirantz, nire eskolako beste hiru kiderekin batera.
Bide osoan uste dut denok kezka bakarra geneukala buruan: ìnoren etxean sartuko gaituzte?î. Honela, larunbat hartako gaueko 22:30etan (hemengo 23:30ak) iritsi nintzen Plymouthera, 200.000 biztanleko ìherri koxkorraî, hiru hilabete igarotzeko asmoz. Bertan Chris eta Sandy ezagutu nituen (oso jatorrak biak), nire Ingalaterrako ìgurasoakî. Eurak, ni bezala praktikak egiten ari diren ikasleak hartzen dituzte etxean eta nirekin batera Helena (neska txekiarra) eta Tanseli (alemaniarra) egon ziren, baina ez zuten elkar ezagutu. Hori niretzat interesgarria izan zen, beste lurralde bateko pertsona bat gertuagotik ezagutzen duzulako, ingelera gehiago praktikatzen duzulako eta etxe arrotz batean zu bezalako beste pertsona batekin egotea benetan eskertzen delako.
Lehenengo astean ingeleseko klaseak eduki genituen eta eskolan beste herrialdeetako jendea ezagutu genuen. Horrez gain, gure eskolak Plymoutheko enpresa bat kontratatu zuen guri etxebizitza eta praktiketako lantokia bilatzeko eta, enpresa honen bidez, gu bezala praktiketan zeuden atzerritar ikasle gehiago ezagutu genituen. Euren artean bost bizkaitar aurkitzen ziren eta bertan igaro genituen hiru hilabeteetan elkarrekin eman genuen denbora gehiena. Lagun onak egin genituen, egia esan.

Aipatzekoa da hala ere, atzerritarrak bertako jendea baino aiseago ezagutu genituela, besteak beste, ezagutzen genituenekin bizi zirelako, (askotan hauekin irteten ziren) eta larunbat gauetan unibertsitate inguruko tabernetan ibiltzen ginelako, bertan ikasle atzerritarrak ibili ohi zirelarik gehienbat.

Eta zer egiten nuen han? Ba astean zehar praktiketara joaten nintzen, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte. Lanetik irten eta lagunekin elkartzen nintzen, beraiekin hitz egin (euskaraz) eta etxera. Afaldu eta berriro elkartzen ginen tabernaren batean, dardoetan edo pool-ean (billar antzeko jokoa) jolasteko edo besterik gabe zerbait hartzeko eta hitz egiteko. Ostiral iluntzeko 20:00ak aldera, pub batean elkartzen ginen praktiketan geunden herrialde ezberdinetako ikasleok, bertan solasalditxo bat eduki (gaztelaniz, euskaraz eta ingelesez) eta beste pub-etara joaten ginen hauek itxi arte (goizeko 2:00ak arte).

Larunbat edota igandeetan, euskaldunok biltzen ginen, egunen zehar inguruak ezagutzeko edota Plymouthetik bueltatxoren bat emateko. Iluntzetan aldiz, 20:00k aldera irteten ginen, besteak beste, Pub-ak ere goiz ixten zituztelako eta larunbatetan, gaueko 22:00etatik aurrera, lokal hauetara sartzeko ordaindu egin behar zelako (4,5euro gutxi gorabehera).

Bitxikeria ugari

Nire etxetik erdigunera joaten nintzen egunero, praktikak bertan egiten nituelako eta lagunekin ere bertan geratzen ginelako. Horretarako autobusa hartu behar izaten nuen, izan ere, neure etxetik hiri erdira ordubete inguruko bidea zegoelako oinez. Kuriosoa egin zitzaidan lehenengo aldiz autobusa hartu nuen momentua. Zergatik? Autobusa gelditzeko zuten moduagatik; pelikuletan taxiak gelditzeko bezala, autobus geltokian besoa altxa behar zenuen, honela, gidariak bazekien bere zerbitzua hartuko zenuela, autobus bat baino gehiago igarotzen zirelako zu zain zeunden bitartean.

Beno, eta ziur denok dakizuela Ingalaterran ezkerreko aldetik gidatzen dutela, eta bolantea eskubian dutela, baina lehenengo aldiz kotxean sartzen zarenean, gidariaren eserlekuan sartzeko joera duzu eta hori nahiko xelebrea gertatzen da. Bestalde, nahiz eta autobusetan ohitzen zaren ezkerreko aldetik ibiltzen, kotxez ibili naizenetan, arraro egin zait errotondak ezkerretik hartzea, dena autobusetik baino argiago ikusten duzulako.
Lehenengo egunetik harritu ninduen gauzetariko bat zera izan zen, ez dutela pertsianarik!! Uff!!!! Lehenengo goizean, lo nahiko egin nahi eta ezin!!! Nahiz eta kortina potoloak erabili, izugarrizko leihoak dituzte eta nire gelakoa berriz, ohearen oinean aurkitzen zenez, ezin nion bizkarrik eman argia parez pare sartzen zelako, beraz nahi baino lo gutxiago egiten genuen. Bai, genuen esan dut, denok pairatu genituelako pertsiana ezak sortu zizkigun deserosotasunak.

Eguraldiaren aldetik berriz, badakit hemen galtza motzak janzteko moduko giroa eduki zenutela maiatza inguruan, baina han txamarrak erabili genituen maiatzaren erdira arte. Hango eguraldia oso nahasia zen, eguna lainotsu argitzen zen, eguerdian eguzkia irteten zen, arratsaldean haize hotzak jotzen zuen eta gauean euria egiten zuen. Beti ez zen horrela, baina askotan. Hala eta guztiz ere, nahiz eta eguzkia egin eta horrek eguna pixkat goxatu, arratsaldeko 17.30etatik aurrera haize hotza sartzen zen. Plymouth kostan aurkitzen zen, hego mendebaldean hain zuzen ere, eta haizeak oso-oso maiz jotzen zuen, arraroa zen haizerik gabeko egun bat edukitzea.

Bertako jendeari buruz berriz zer esan dezaket? Topikoa bada ere, honakoa: tea ikaragarri hartzen dutela. Nire etxeko gurasoek esaterako, jaiki eta lehenengo gauza, katilukada te bero prestatzen zuten. Praktiketan egon nintzen enpresan ere, eguneko lauzpabost katilukada edaten zituzten. Aipatu nahi nuke hala ere, ohitura hori ez dudala nirekin ekarri.

Bestalde, Plymoutheko kaleetan edo autobusetan, gaztetxoak (18 urte ingurukoak) seme-alabekin ikustea oso normala zen eta horrek ere asko harritu gintuen. Antza denez, gobernuak ama ezkongabeei etxebizitza eta diru laguntza ematen die euren seme-alabek ikasketak amaitu artean eta dirudienez, neska horiek gurasoen etxetik joateko modurik errazena edo azkarrena hori dute. Ingelesak dira.

Hirian bertan, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:30ak arte gutxi gorabehera, kalean jende ikaragarri ikusten zen (erdigunean), baina arratsaldeko 19:00ak inguruan ez zegoen inor kalean, besteak beste dendak 17:30ak inguruan ixten zirelako. Bertan ezagutu dudan jendeak gauza bera esan dit, oso hiri aspergarria dela, eta nik arrazoia ematen diet. Hala ere, udaran bizi gehiago omen du, itsasoko kirolen inguruan ekintza dezente antolatzen delako (lantxa motoren lasterketak esaterako).

Aipatu ere, astegun buruzuri batean, gaueko 22:00ak aldean jendea pub-etan ikustea oso normala zela. Zer du ba arraroa horrek? Gauza da, astegun buruzuri horretan jendeak asteburuetan bezala edaten zuela eta jende dezente ikusten zen pub-etan ondo pasatzeko asmoarekin. Hau da, ez ziren eserita lasai tertulian egoten. Ingelesak dira.

Gau giroa Plymouthen

Lehenengo aldiz Plymouth-eko larunbat gaua ezagutu genuenean, harritu samar geratu ginen, jendea nola jantzita zegoen ikustean. Martxoa oraindik hotza da han, baina bertako neskak nahiz mutilak gaueko hotzak ez ditu arduratzen. Bertako neskek ahal den gutxiena tapatzen zuten, eta neskek nahiz mutikoek ez zekiten gauetan zer zen txamarra aldean eramatea. Alegia, Euskal Herrian aurkituko bagina, hango neska bat gauez ikustean denok begiratuko genioke, hemen ez dugulako ohitura gehiegi gona motzak janzteko (neguan gutxiago), baina han gu ginen arraroak, tapatuta ibiltzen ginelako. Besterik gabe eta berriro diot; ingelesak dira.

Bertako gau giroa aipatu dudanez, aipatu pub gehienetan atezainak aurkitzen direla atean eta batzuetan baita barruan ere. Normala da, esaterako, bospasei ikustea. Barruan norbait borrokan ikusiz gero, arrapaladan gerturatzen ziren gorila horiek eta kalera botatzen zituzten. Bateren bat lokal barruan oso mozkorra bazegoen, hori ere hartu eta kalera ateratzen zuten. Alde horretatik, guk ez dugu arazorik izan.

Otorduei dagokienez berriz, hara joan aurretik banekien gaizki jaten zela, baina horrez gain, hemengo lankide batek zera esaten zidan: ìAi Mirentxu, han oso oso gaizki jaten da, eta hanburgesak jango dituzu egunero eta potzolagoa etorriko zaraî, jo, animatzeko modurik egokiena, ez?? Gauza da nire etxekoak ìanti McDonaldsî eta ìanti Coca-colaî zirela, beraz nahiko ongi jaten nuen. Hori bai, arrain gutxi jan nuen eta haragia nahiko eskasa zen. Deigarria zen, supermerkatuetan aurrez prestaturiko janari asko saltzen zela eta txokolate nahiz txokolatinei eskainitako pasilo luzeak topatu genituela. Aipagarria ere, kalean oso jende gizena topatu genuela, hemen baino dezente gehiago ikusten zirelarik.

Gosaria etxean hartzen nuen, baina hemen hartuko banu bezala, ez zeukan ezer berezirik eta bazkaldu berriz, kanpoan egiten nuen. Praktiketako enpresan, ordubete bat izaten genuen bazkaltzeko eta bertako jendeak normalki enpresan bertan jaten zuen eta nahiz eta sukalde txiki bat eduki, bakoitzak bere mahaian bazkaltzen zuen, bitartean Internet-en ibiltzen zirela. Esan behar nire enpresa bulego bat zela eta bakoitzak bere mahaia zuela. Aurrez egon nintzen enpresan (bi lekutan egon bainintzen) gela handi bat zuten bazkaltzeko, baina antzeko janaria jaten zuten denek eta bitartean zerbait irakurri, erosketak egin edo ondokoarekin hitz egiten zuten.
Bazkaria berriz, sandwich bat edo aurrez prestaturiko janaria (supermerkatuetakoa) izan ohi zen, nahiko tristea, egia esan. Nik neuk ere ingelesen erara, sandwich bat bazkaltzen nuen. Baina hemen ez ditut batere sandwich triste haiek faltan botatzen, amak prestatutako janariarekin ez dago konparatzerik!!! Afaldu berriz etxean egiten nuen, arratsaldeko 19:00ak aldean eta anekdota bezala esan, etxeko ìaitakî prestatzen zuela otordu hura, ìamaî oso gutxitan ikusi nuen janaria prestatzen. Hain zuzen afalorduan igarotzen nuen etxekoekin denbora gehien, bakarrik gosaltzen bainuen, eta egun osoa etxetik kanpo igarotzen nuelako.

Bertakoekin, primeran

Hasieran etxekoei buruz nituen kezkak bertara iritsi bezain laster joan ziren, izan ere oso bikote jatorra zen eta ez nuen arazorik izan beraiekin. Are gehiago, arazoren bat edo zerbait egiteko beharra izan nuenean, euren laguntza eskertzekoa izan zen.

Besterik gabe, niretzat oso esperientzia polita izan da, beste ìmunduî bat eta jende ezberdina ezagutu dudalako, horrek esan nahi duen guztiarekin (kultura, hizkuntza, bizitzeko moduaÖ) eta gauza asko ikasi du (komentario tipikoa, ez?). Egia esan, hasiera batean neure zalantzak eta beldurrak nituen, baina mundu guztiak berdina esaten dizu, ìizugarrizko aukera da eta gero ez duzu horrelako beste zerbait egiteko aukerarik izango, animatu, ez zara damutuko!î, eta pentsatzen nuen ìespero dut ezetzî. Orain bai esan dezaket ez naizela damutu hara joateagatik, eta aukera izanez gero, berriro joango nintzatekeela. Zuetakoren bati horrelako aukerarik sortzen bazaio, aukera hori aprobetxatzeko gomendatuko nizueke, esperientzia pertsonal bezala oso ona izan delako niretzat. Beno eta nire aldetik hori da guztia. Izan untsa!!