Aldin Kultur Elkartea
Aldin Elkartea Harremanak Agenda Argazkiak Loturak Aidanen
2005
2004
| Berastegi, 2006ko udaberria | Albisteak Salontzoak Kultur Astea 2005
Albisteak
Albisteen aurkibidera itzuli
  Maria Pilar Lezea
  Emakumeak lan eta lan
  Maria Pilar Lezea Berastegiko Illalde baserrian jaio zen. Baserrian aritu zen lanean aurrena. Amasako Alustizara ezkondu zenean, etxeko eta ostatuko lanen ardura hartu zuen. Gainera, bederatzi seme-alaba hazi zituen.

Anai-arrebetan zaharrena zenez, lan ezberdinak egitea egokitu zitzaion Maria Pilarri. “Ukuiluan, soro-lanean, mendian ardiak zaintzen, belarrean…, denean aritzen nintzen. Baratzean gutxi, ez baitzen orain adinako baratzerik izaten. Baserriko lana beti gustatu zait, ez baita nagusiaren aitzakian lanik egin behar. Lan askea da”.

Berastegitik Amasara
Berrogei urtetik gora daramatza Maria Pilarrek Alustizan, “umeak hazten ari ziren eta kamioa egin zutenean, Arantzabiko Joxe zenak `oraintxe duzu zerbait hasteko garaia´, esan zidan. Ideia hura hartu eta aurrena sagardoa, bokadilloak edo arrautzak eta urdai-azpikoa eskaintzen hasi ginen”. Alustizara etorri zenean, baserria bakarrik zegoen, “urte askoan aritu ginen baserrian bakarrik lanean. Hasieran etxeko lanetan eta umeak hazten aritu nintzen batik bat, gizona baserri eta ganadu lanetan okupatzen baitzen. Noski, gizonari ere laguntzen nion tarteka, baina hona etorriz gero ez dut baserrian lan askorik egin. Oiloak beti kanpoan ibiltzen ziren eta oilategia egin genuen. Oilo txabola hura txukundu eta bertan hasi ginen lehen mokaduak ematen. Txiki geratu zenean, beste puska bat erantsi genion. Berriz ere txiki geratu zenean eraiki genuen egun nekazal etxea dena. Lana ematen du, baina gustatzen zaizun lana ez da lan handia. Sasoian zauden bitartean behintzat, niri ez dit inoiz atzera egin lan egiteak. Gainera, beti gustatu zait jendearekin harremanetan egotea”.

Emakumeen lanaz
Maria Pilarrek, arrazoi osoz, etxeko andrearen irudia goraipatu du, “oraindaino, langilearen eguna gizonezkoarena bakarrik juzkatu da, baina emakumeak ez du gizonezkoak baino lan gutxiago egin. Aldea nabarmena da: gizonak soldatarekiko lana egiten du eta emakume askok, soldatarik gabea. Egun osoko lana da, baina inork aintzakotzat hartzen ez duena. Emakume askori orain arte ez zaie errekonozitu egin duten lana. Bai, martxoaren 8a ospatzea ondo iruditzen zait. Emakumeek, gaur nire eguna da eta ez dut golperik joko esan eta egin beharko lukete, nahiz eta ez den hain erraza”.

Albisteen aurkibidera itzuli